Joan den urteko Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen Jarduera Txostenari begira prestatu dudan aurkezpen testuan 2017. urtean Euskadiko EGABk kanpoan izan zuen proiekzio bizia azpimarratu nahi izan dut. Otsailean Sare Transnazional Atlantikoaren burutza gure gain hartu genuen. Bertan Portugal, Espainia, Frantzia, Erresuma Batua eta Irlandako eskualde atlantikoetan ekonomia eta gizarte arazoetarako batzordeak nahiz antzeko erakundeak biltzen dira. Onartu genuenean, bultzada ematearen borondate sendoa azaldu genuen eta ezinezkoa litzateke mugaz haraindiko lankidetza lanean Euskadiko EGABren esperientzia luzerik gabe. Ildo horri eutsiz, bereziki erreparatu behar zaio duela denbora asko Nouvelle Aquitaineko EGKrekin garatzen ari denari. Pasa den urtean kanpoko hemezortzi lan saiotan eraginkortasunez parte hartu eta esku hartu genuen eta oso gai desberdinak landu ziren. Halaber, berrikuntza eta transferentzia teknologikoari buruzko txosten erkide interesgarria bukatu genuen. Dena den, STAren eremuan ondorio handiena izan duen lan bateratua honako txostena izan zen: “Ekintza Plana tartean aztertzeari begira Estrategia Atlantikoa hobe inplementatzeko gizarte zibilaren proposamenak”. Izenburuak berak adierazten duen bezala, Sare Transnazional Atlantikoak egindako proposamen multzoa biltzen du. Joan den urtearen abenduan Bruselan aurkeztu ziren Europako Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen aurrean. Proposamenek interes handia sorrarazi zuten eta egun Europar Batzordeko agintariek Estrategia Atlantikoari buruzko Ekintza Plana ebaluatu eta berraztertzeko erabiltzen ari dira. 2017ko Jardueren Txostenaren sarreran adierazi dudan bezala, nazioarteko lankidetza lan honekiko adostasunak eta seriotasunak Europa Atlantikoaren etorkizuna erabakitzen den eztabaida-guneetan STA solaskide trebatu bihurtu dute.

2017. urtean Euskadiko EGABk garatutako kanpoko jarduera oparoak ez zuen ahuldu kontsulta zeregina, EGABren ardatz nagusia dela ez baita ahaztu behar. Osoko bilkurak, ekimen propioko azterlanak eta Batzordearen eguneroko lana azpibanatzen duten batzordeen (batzorde iraunkorra, gizarte garapenerako batzordea, ekonomi batzordea, txosten sozioekonomikoa…) jarduera ugariak; horiek guztiek 2017ko Jardueren Txostenak leialtasunez egiaztatzen duten lan bizia adierazten dute.