2019. urteko egutegiak data nabarmen bat du galdera marka handiz adierazita: martxoaren 29a. Egun horretan Brexita gauzatuko da, hau da, Erresuma Batua Europar Batasunetik aterako da. Ez dakigu egun horretan zer gertatuko den, beraz, galdera egutegiaren orriak pasatzen direnean argituko da. Arlo honetan etorkizuneko gertakariak ezin daitezke aurreikusi eta guztiak kezkati gaude, bai britainiarrak, bai europarrak. Horregatik, dibulgazio ekimenak, hala nola, aste honetan Bilbon egindakoa kontuan hartzekoak dira. Eusko Jaurlaritzak, Europar Batzordeak eta Madrilen Britainiako Enbaxadak antolatu dute.

“Brexita eta herritarren eskubideak” izan da astearteko jardunaldiaren izenburua eta hurrengoek parte hartu dute: Tim Hemmings Madrilen Britainiako Enbaxadako ministro kontseilariak, Jochen Müller Espainian Europar Batzordeko Ordezkaritzaren Sail Politikoko buruak eta Mikel Antón Eusko Jaurlaritzako Europar Gaietarako zuzendariak. Izenburuan iragartzen zen bezala, ez zen goi politikako hausnarketen saioa izan. Oso praktikoa suertatu zen, hain zuzen ere, beren eskubideei eragiten dizkieten herritarren kezkak landu ziren: egoitza iraunkorra, osasun laguntza, pentsioak eta gizarte prestazioak edo mugikortasuna, enpleguan eta hezkuntzan (bekak, trukeak…) izan ditzakeen ondorioekin. Ez da harritzekoa planteamendu horrekin jardunaldira zuzenean nahasitako pertsona ugari hurbiltzea, bereziki, gure Erkidegoan bizi diren Britainiako herritarrak.

Zorionak erakunde antolatzaileei jardunaldiak izandako ikuspuntuarengatik. Halako ekimenak edo duela urtebete Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak antolatutakoa egiaz beharrezkoak eta argitzaileak dira. Nire ustez Brexitarekin guztiak aterako gara galtzaile eta, are gehiago, aldez aurretik adostasunera iritsi gabe egiten bada. Hala, lehentasunezkoa da eragin negatiboa minimizatzea eta ahalik eta gehien herritarren (britainiarren eta europarren) eskubideak babestea.