Gaur arratsaldez, eta bihar, ostiralez, Bilbon lan bilerak egingo ditugu Nouvelle Aquitaine EGKrekin. Duela denbora asko Frantziako eskualde honetako gure kideekin lankidetza interesgarri eta emankorrean dihardugu. Horiek Akitania, Limousin eta Poitu Charenteseko Ekonomia, Gizarte eta Ingurumen Arazoetako Batzordean dute ordezkaritza. Gure lan bateratua fabrikazio aurreratuan teknologia transferitzean eta berritzean oinarritzen da eta horren inguruan lan teorikoa eta eremuan erreferentziazkoak diren erakunde nahiz enpresei bisitak egituratu ditugu, bai mugaren alde batean, baita beste aldean ere. Hala, uda baino lehen, joan den maiatzean, Bordelera joan ginen fabrikazio aurreratuan muturreko zentro teknologiko eta enpresa zehatzak zuzenean ezagutzera. Bisita harekin hiru hilabete lehenago hasitako zikloa itxi genuen. Orduan, Donostian Frantziako eskualdeko ordezkaritza izan genuen eta kideekin ibilbide bat egin genuen. Gure lan bateratua kontuan hartuta, geltokiak eremu interesgarrietan Euskal Autonomia Erkidegoko zentro eta enpresa nabarmenak izan ziren.

Landan egindako bisitek ekonomia eta gizarte arazoetarako batzorde bezala egiten ditugun proposamenak aberastu, osatu eta argitzen dituzte. Aste honetako hitzordurako ez dugu kanpoko bisitarik programatu, gaurko eta biharko lan saioak barnekoak baitira. Halaber, bizia izango da, bi egun horietan fabrikazio aurreratuan teknologia transferitu eta berritzearen eremuan Euskadi eta Nouvelle Aquitaineren arteko osagarritasunari eta kooperazioari buruz azkeneko proposamenen ardatz nagusia adostuko baitugu. Helburua bi aldeen arteko kooperazio-lan gehiena osatua uztea izango da, urriaren bukaeran Bordelen egingo dugun azkeneko bileran amaierako dokumentua adosteko.