Orain dela gutxi Bruselan egon nintzen Europar Batasunaren egoerari buruzko hitzaldi interesgarri batean; hizlaria Jean-Claude Juncker izan zen, Europako Batzordeko presidentea. Europako Ekonomia eta Gizarte Arazoetako Batzordeak gonbidatuta joan nintzen, eta ekimenak ez ninduen dezepzionatu,ezta gutxiagorik ere.

Junckerrek zehatz-mehatz azaldu zuen gaia ordu erdiz, Europar Batasuna kezkatzen duten oinarrizko kontuak jorratuz. Nabarmentzekoak izan ziren ekonomiaren sustapena, enpleguarena, brexita, zutabe soziala edo kontinente zaharrean errefuxiatuei harrera emateari loturiko arazoak.
Galderak egiteko unea iritsi zenean, Junckerrek guztiak entzun zituen banan-banan, bakoitzari erantzuna eman aurretik. Dozena eta erdiren bat galdera sakon egin zituzten europar Ekonomia eta Gizarte Kontseiluko agente ekonomiko eta sozial ezberdinek.

Aldarte onez eta hitz-jario harrigarria erakutsiz, Jean-Claude Junckerrek jarraian erantzun zituen galdera guztiak. Esan bezala, gai sakonak ziren, eta erantzunak ere erronkak eskatzen zuen mailan eman zituen. Oso errespetatua den europar politikari honek erakutsi zuen sentsibilitate sozialak erakarri ninduen. Juncker argi azaldu zen errefuxiatuen harreraren arazoaren inguruan. Ekialdeko herrialdeak ematen ari diren erantzuna kritikatu zuen insolidarioak izateagatik, eta Italia eta Greziaren ereduak kontrajarri zituen, honakoa adieraziz hitzez hitz: “hondoratzen ari dira arimak jasotzen ari diren arrantzaleei laguntzeagatik”. Adierazpen zuzen eta zintzoa, Europako Batzordearen presidente luxenburgotarrak esana, gaiaren egoera argi eta garbi irudikatzen duena.