Ez dut hemen azalerazi nahi denok dagoeneko badakiguna, hots, ama-esnea mantenugairik egokiena dela jaioberrientzat eta bularreko haurrentzat beraien bizitzako lehen hiletan. Hala ere, ama-esnearen balioa nabarmendu nahi dut, osasunerako ekartzen dituen onurengatik, bai fisikoki, bai emozionalki. Osasunaren Mundu Erakundeak biziki gomendatzen du ama-esnea elikagai bakar gisa bizitzako lehen sei hiletan; baita bi urte bete arte ere, beste elikagai osagarri batzuekin batera, amak eta bularreko umeak hala nahi badute. Hala ere, beti ezin da.

Jaioberrien zainketa intentsiboen unitateetan, amategietan eta etxeetan zenbait arrazoirengatik bere ama biologikoaren esnea jaso ezin duten jaioberri goiztiarren, pisu gutxiegiko edo patologiak dituzten umeen kasu asko daude. Kasu horietan ezinbestekoa da Esne Banku bat egotea eta hornitzea. Euskadin badago, eta orain, gizakiak emandako Euskadiko Esne Banku bat sortzen duen dekretu bat prestatu du gobernuak. Horrela, borondatezkoa eta altruista den donazio honen inguruko esparru arautzailea erregulatzen du, osasun-berme guztiekin.

Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak proiektua aztertu du, eta joan den astelehenean horren inguruan egindako irizpena ontzat hartu zuen. Araua positibotzat jotzen du eta gure azterketetan ohikoa denez, zenbait gomendiorekin osatzen du. Batzordeak nabarmentzen du Osakidetzaren mendeko Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroa Esne Bankuaren kudeaketaz arduratzea, izan ere, horrela, gerta daitekeen merkantilizazioa saihestuko da. Bere ustez garrantzitsua da donazioa jasotzen duten bularreko umeen artean ama biologikoak elikatutakoak ere barne hartzea, amaren elikadura nahikoa ez denean.