EGABeko presidentearen bloga

Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordea

Category: dictamen

BANCO DE LECHE

Esne Bankua

Ez dut hemen azalerazi nahi denok dagoeneko badakiguna, hots, ama-esnea mantenugairik egokiena dela jaioberrientzat eta bularreko haurrentzat beraien bizitzako lehen hiletan. Hala ere, ama-esnearen balioa nabarmendu nahi dut, osasunerako ekartzen dituen onurengatik, bai fisikoki, bai emozionalki. Osasunaren Mundu Erakundeak biziki gomendatzen du ama-esnea elikagai bakar gisa bizitzako lehen sei hiletan; baita bi urte bete arte ere, beste elikagai osagarri batzuekin batera, amak eta bularreko umeak hala nahi badute. Hala ere, beti ezin da.

Jaioberrien zainketa intentsiboen unitateetan, amategietan eta etxeetan zenbait arrazoirengatik bere ama biologikoaren esnea jaso ezin duten jaioberri goiztiarren, pisu gutxiegiko edo patologiak dituzten umeen kasu asko daude. Kasu horietan ezinbestekoa da Esne Banku bat egotea eta hornitzea. Euskadin badago, eta orain, gizakiak emandako Euskadiko Esne Banku bat sortzen duen dekretu bat prestatu du gobernuak. Horrela, borondatezkoa eta altruista den donazio honen inguruko esparru arautzailea erregulatzen du, osasun-berme guztiekin.

Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak proiektua aztertu du, eta joan den astelehenean horren inguruan egindako irizpena ontzat hartu zuen. Araua positibotzat jotzen du eta gure azterketetan ohikoa denez, zenbait gomendiorekin osatzen du. Batzordeak nabarmentzen du Osakidetzaren mendeko Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroa Esne Bankuaren kudeaketaz arduratzea, izan ere, horrela, gerta daitekeen merkantilizazioa saihestuko da. Bere ustez garrantzitsua da donazioa jasotzen duten bularreko umeen artean ama biologikoak elikatutakoak ere barne hartzea, amaren elikadura nahikoa ez denean.

Pleno VES Vasco

Bideratu Berria

Berri ona da Eusko Jaurlaritzak, modu egonkorrean eta urte askotarako, Bideratu Berria programa berriz arautzea. Horri esker, krisian dauden enpresak berregituratu eta bultzatzeko laguntzak ematen dira. Laguntzen dekretu arautzailea 2015eko abenduaren 31n iraungi zen, hain zuzen ere, Europar Batzordeak baimendutako epea amaitutakoan. Lege-euskarririk gabe, horiek indargabetzea “saihestezina eta beharrezkoa” suertatu zen, EGABk joan den urteko uztailean egindako txostenean azaldutakoari jarraiki. Modu berean, aipatu irizpenean araudi hutsunearengatik kezka azaltzen zuen Batzordeak, Bideratu Berria programaren helburuak etorkizunean inplementatzeko orduan mehatxatuak baitzeuden. Baieztapen horretatik abiatuta, berri ona da krisian dauden enpresak berregituratu eta bultzatzeko orain berriz ere finantza laguntzaren ibilbideari eustea, Europar Batzordeak barneko merkatuarekiko bateragarri bezala baimendu ondoren, Erkidegoaren gidalerroen arabera araudi berriak emandako bermearekin.
Euskadiko industria sarea oraindik 2008. urtean hasitako krisiaren ondorioak pairatzen ari da eta enpresa askok finantza desorekei aurre egin behar die. Hortaz, epe ertain eta luzean bideragarritasuna baldintzatua dute. Laguntzaren beharra oraindik indarrean dago eta Bideratu Berria laguntza garrantzitsua da enpresak eta sektoreak finkatzeko, lehiakorrak izateko aukera badute, baina finkatze eta garapen proiektuetarako finantzazioa lortzea ezinezkoa bazaie.
Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak Bideratu Berria berriz abiarazteko Eusko Jaurlaritzaren agindua xehetasun osoz aztertu du. Herenegun EGABren Osoko Bilkura bildu zen eta gure Garapen Ekonomikorako Batzordeak egindako irizpena onartu zuen. Adostutako agiria da eta Eusko Jaurlaritzari berriz itzuli diogu, erantsi ditugun gogoetak, betiere bidezkoak, garrantzitsuak eta ekarpen modura eginak, kontuan har ditzan.

© 2017 Copyright Consejo Económico y Social Vasco | Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordea