Gaur, ostiralean, maiatzaren 13an, Eusko Legebiltzarrean, agertuko naiz, EGABeko presidente gisa, Javier Carro Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Batzordeko presidenteak eskatuta. Legebiltzarrak Turismoari buruzko Legea izapidetuko du, eta agerraldiak egiteko epea hasi da, horien artean gure aholku- organoarena.

Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak, 2015eko urrian, Euskadiko Turismoaren Lege Aurreproiektuari buruzko irizpen adostu bat aztertu, eztabaidatu eta aurkeztu zuen. Ekimena “positiboa, aproposa eta beharrezkoa” zela pentsatu genuen sasoi hartan, aurreproiektua “arautzaileegia” dela uste genuen arren. Gure aburuz, nahi arautzaile horrek sektoreak etorkizunean izango dituen aldaketei aurre egiteko mota horretako lege batek izan beharreko malgutasuna murrizten zuen.

Bilakaera eta eraldaketa etengabea da, zehazki, egungo turismoaren ezaugarri nagusia. Moduak eta ohiturak aldatu dira. Egungo turismoak, eta batez ere, egungo turismoaren jarduteko erak duela bi hamarkadako turismoarekin zerikusi gutxi dauka. Duela bi hamarkada argitaratu zen Turismoa antolatzezko Legea (1994), eta orain Legebiltzarrak esku artean daukan testuak hori ordeztu behar du.

1997tik turismoak garapen handia izan du Euskadin, Guggenheim museoak eragindako traktore efektua inflexio puntu bat izan zen. Hedatzen ari den zerbitzu jarduera bilakatu da, potentzial ekonomiko handia duena. 2014an errekor historikoa gertatu zen: 2,5 milioi bisitari egon ziren; 1994an (Turismoa antolatzeko legea argitaratu zen urtea) baino hiru aldiz gehiago. Egun, turismoa Euskal Autonomia Erkidegoko BPGaren % 6 da ia. Duela hamarkada bat, ordea, % 3 baino zertxobait gehiago zen.