Aste honetan, Galizian bilduko da RTA, hau da, Nazioz Gaindiko Sare Atlantikoa. Bihar “Ekonomia urdina Atlantikoko itsasaldean berriz jaurtitzea” gaia jorratuko dugu Vigon egingo den jardunaldi batean. Bertan, hitzaldi oso interesgarriak antolatuko dira goizean, eta, arratsaldez, berriz, RTAren Orientazio Batzordearen saio bat egingo dugu, non egindako jarduerak berrikusi eta etorkizuneko ekintzei buruz hausnartuko den. Bilera amaitu baino lehen, sarearen zuzendaritza- eta presidentetza-organoak berrituko dira.

Goizean hiru hitzaldi egingo dira, hauexek hain zuzen ere: lehenengoa, Frantziako PSA automobilgintza-taldeko Polo Industrial Ibérico enpresako zuzendaria den Fréderic Puech hizlariarena, automobilen industria Atlantikoaren integrazioaren adibide gisa aurkeztuko duena; bigarren agerpena Europako Batzordean arrantza-politika bateratuan aditua den Ernesto Penas Ladok egingo du; eta hirugarrena, berriz, estrategia atlantikoari eta hazkunde urdinari buruzkoa izango da, eta Enrique López Veigak azalduko du, Vigoko Portuko Agintaritzako lehendakariak, alegia.

Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordean eta RTAn bertan, beti defendatu dugu, askotariko foroetan eta solaskide ezberdinekin, ekonomia urdinak ahalmen ikaragarria duela Atlantikoko itsasaldeko eskualde adierazgarri guztientzat. Ahalmen hori “deskubritzeke eta garatzeke” dago oraindik, Faro de Vigo egunkariak egoki adierazi zuen bezala aurreko asteburuan Nazioz Gaindiko Sare Atlantikoaren Galiziako hitzorduari buruz argitaratutako informazioetan. Bihar elkarrekin hausnartuko dugu horri buruz, egindakoa aztertuko dugu eta gure kooperazio-lanari gogo berritzailearekin ekingo diogu berriz ere.