Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordera bertaratu zen atzo Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia sailburua Pedro Azpiazu, saileko beste goi-arduradun batzuekin batera, EGABren Osoko Bilkuran aurkezteko 2017ko Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren Lege-proiektuaren ildo nagusiak. Ez zen ohiko agerraldia izan, baizik eta kortesiazko aurkezpena, aurrekontu orokorrak ez baitaude gure aholkularitza-organoaren gogoeten mende; gobernu-ekintzen ondorioz sortutako gainerako legegintzako proiektuak, aldiz, bai daude gure eraginpean.

Gogora ekarri nahi dut Carlos Aguirre Ogasun sailburuak egin zuela lehenengoz, 2010. urtean, horrelako kortesiazko agerraldi bat; haren ondorengoak, Ricardo Gatzagaetxebarriak, beroiek egiten jarraitu zuen aldizka, eta, egun, halaxe egiten du Pedro Azpiazuk. Bada, gure esker ona erakutsi nahi dugu horregatik: Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorrak, edo horiei buruzko lege-proiektuak, beti dira ongi etorriak, eta interes handikoak Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearentzat. Kontu publikoen zenbateko eta banaketa xeheak ezagutzeak testuinguruaren informazioa baliatzen digu, zeina funtsezkoa zaigun, hala eskatzen digutenean, gai zehatz bati buruzko aholkularitza-irizpenak egiteko. Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen irizpenak behin baino gehiagotan jarri dute agerian gobernuaren proiektu batzuen ahultasuna, hain zuzen, aurrekontu erabilgarriaren aurreikuspena eskasa edo urria zelako horiek egoki garatzeko.

Ekitaldi honetarako aurrekontu orokorren lege-proiektua, oraintxe, Eusko Legebiltzarraren esku dago, non onesteko bozkatuko duten bi aste barru, gutxi gorabehera; zehazkiago, apirilaren 11n.