Ekonomiaren berreskuratzea neurtzeko tresna ezin hobea enpresen sorrera da. Espainian azken bi urteetan sortu diren enpresen kopurua handiagoa da itxi diren enpresen kopurua baino. Datuek egiaztatu dutenez, krisiaren hasieran sortu zen egoera negatiboa aldatu egin da. Halaxe dago jasota Espainiako EGABek egindako txostenean. Hala, bere lankidetzarekin, Gaztela eta Leongo EGABek jardunaldi bat antolatu du orain dela gutxi Valladoliden eta bertara gonbidatuak izan gara gainerako Ekonomia eta Gizarte Batzordeak. Jardunaldiaren izenburua “Enpresen sorrera Espainian eta horien inpaktua enpleguan” izan zen eta arlo horretan adituak diren hizlariak eta pertsona ekintzaileak batu ziren bertan. Guztiak ados zeuden adieraztean enpresa bat sortzea lan neketsua dela, eta gizarte osoaren bultzada eta konpromisoa behar duela, enpresa garatzeko oztoporik ez dela egon behar alegia.

Beste kontu batzuen artean, betiko eztabaida-gaia den gure enpresa gehienen tamaina txikiari buruz hitz egin zen, horren ondorioz zaila baita enpresal ondoren nazioartekotzea. Denen iritziz, enpresen tamainaren hazkuntza erreala eta eraginkorra lortzeko modu bakarra naturaltasunez gauzatzea da, injerentziarik gabe. Ez dago fusioak telegidatzeko makilatxo miragarririk, baina posible da lan handia egitea enpresen hazkuntzari eta enpresa berrien sorrerari bultzada emateko testuingurua sortzeko. Azken finean, enpresak sortzea taldekako konpromiso soziala da, ardura hori hartzen duten pertsona ekintzaileetatik haratago. Pertsona horiei babesa eskaini behar zaie eta saiakeran ziur egotea eta borondate sendoa izatea eskatuko zaie, porrotari beldurrik izan gabe. Azken horri buruz, jardunaldiko hizlari baten esperientzia pertsonalak bikaintasunez islatu zituen bertute horiek: Enpresari lanetan bere jaioterrian hasi zen, Portugalekin mugakidea den herri batean, dirua aldatzeko leihatila ñimiño batean hain zuzen ere. Baina euroa iristean negozioa suntsitu egin zen eta beldurtu baino abenturan murgildu zen, eta orain Global Exchange Group dirua aldatzeko mundu mailako bigarren agentzia da, nagusia nazioarteko aireportuetan.