Aurreko ostiralean BBVAk argitaratutako “Distribución de la Renta, Crisis Económica y Políticas Redistributivas” (Errentaren banaketa, krisi ekonomikoa eta birbanatzeko politikak) txostena irakurri berri dut. Txostenak, IVIEko (Instituto Valenciano de Investigaciones Económicas) adituek zuzendurikoak, hamarkada oso bat aztertzen du, eta espero zitekeen legez adierazleek txarrera egin dute 2008tik aurrera, krisi ekonomikoaren ondorioak direla eta. Azterlanak Espainian, Euskal Autonomia Erkidegoan bezalaxe, errenta banaketaren okerragotzea, arindu bada ere, islatzen du, EGABen 2015eko Memoria Sozioekonomikoko “Bizi baldintzak” atalean azaltzen den bezala. Horren aurrerapena gure azken informazio aldizkarian kontsulta daiteke.

Bizi baldintzei buruzko atal honen alde positiboa da honako adierazle hauek sendotu egin direla eta eboluzio positiboa daukatela: pobreziak eta bazterketak behera egin dute 2013an Europan hasitako joera aldaketari jarraikiz. Aurten, aipatutako adierazlea puntu eta erdi jaitsi da Euskal Autonomia Erkidegoan, eta egun, EAEko biztanleen % 15,3 da, hots, Suediak edo Finlandiak daukaten ehunekoaren antzekoa da. Beharbada batzuetan arraroa izango da gure pobrezia eta bazterketa indizea ongizatean paradigmatikoak diren bi herrialderen antzekoa izatea, baina adierazle horiek era erlatiboan, eta ez absolutuan, ulertu behar dira. Lurralde jakin batean gizarte-ezberdintasuna neurtzeko balio dute, eta eremu konparatibo horretan errenta baxuak islatzen dituzte. Horrek ez du esan nahi ezinbestean eragiten dion biztanleen ehuneko hori pobrezia errealaren mugan dagoenik edo bizirauteko gabeziak dituenik. Hala ere, EAEko pobrezia eta bazterketa adierazlea Espainiako batez bestekoaren (% 29,2) eta Europakoaren (% 24,4) azpitik ere badago, Eurostat eta INEren datuen arabera.