Europak xede global bat ezarri dio bere buruari: BPGaren % 3a garapen eta berrikuntzan izatea. Hasierako egoera oso desberdina da herrialdeen arabera, eta ondorioz, herrialde bakoitzaren helburu zehatzak bestelakoak dira. Herrialde aurreratuenek, hau da, Finlandiak, Suediak edo Danimarkak, jada bete dute egun Europak ezarri duen xedea; Austriak eta Alemaniak ere ia bete dute helburu hori. Espainiak 2020. urterako % 2ra heltzea ezarri du helburutzat.

EAEn 2014an % 1,93 izan zen, aurreko urtean baino gutxiago. Hala adierazi da Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak argitaratutako “EAEko 2015eko Memoria Soziekonomikoan”. 2014an Euskadin G+B arloko jardueretan 1.298,8 milioi euroko (Eustat) inbertsioa egin zen, 2013an baino % 2,1 gutxiago. Hori ere inflexio puntu garrantzitsua izan zen. Ehuneko horren per capita gastua 594,8 euro izan zen; aurreko urtean 605,2 eurokoa izan zen.

Gure autonomia erkidegoa oraindik Europak ezarritako helburutik urrun dago, eta EGABek azpimarratu duen moduan, egoera horrek botere publikoen eta parte hartzen duten eragile ekonomiko eta sozialen arreta berezia eskatzen du. Erreferentziazko herrialdeen baliabide ekonomiko, tekniko eta giza baliabideak badauzkagu, zergatik ez dauzkagu emaitza berdinak? Zer dela eta inbertsioa areagotzeak ez dakar, esate baterako, patente kopuru gehiago (arlo horretan ohiko adierazleak dira) izatea? Eztabaida egiteke dago, eta premiazkoa da eztabaida horri ahalik eta hoberen heltzea gure enpresa-sareak egungo ekonomia globalizatuan indarra izan dezan.