Automozioko osagaiak fabrikatzen dituen Gestampek bere puntako prestakuntza-zentroa inauguratu zuen Amorebietan joan den astean; zentroa joan den uztailean ezagutu ahal izan genituen instalazio batzuetan dago. Bisita horretara EGAB euskaldun gisa joan ginen, gure Akitania-Limousin-Poitou-Charenteseko CESEReko homonimoekin, bi kontseilu horien arteko lan-bilera baten ostean. Bilera hori berrikuntzari, teknologiaren transferentziari eta Fabrikazio Aurreratua deritzonari buruzkoa izan zen. Horrelako bilera bati amaiera emateko, ez dago Gestamp bisitatzea baino aukera hoberik; izan ere, Gestampek aditzera eman berri du hurrengo urtean bere kapitalaren heren bat inguru aterako duela burtsara. Ez dute gehiago aterako, familia jabeak konpainiaren kontrola mantentzen jarraitu nahi duelako epe luzera.

Gestampek hogeita hamar mila langile baino gehiago ditu mundu osoan eta ia-ia ehun planta industrial; horietako bost Euskadin daude eta sei izango dira Rivabellosan abian dagoen eraikuntza amaitzen denean. Burtsara ateratzen denean, Gestamp kotizaziorik altuena duen laugarren enpresa euskalduna izango da bolumenagatik eta lehenengoa familia-enpresaren izaera bakarrik hartzen badugu kontuan.

Familia-enpresek ez dute tamaina mugarik, baina sarri negozio txikiekin identifikatzen ditugu, kantoiko dendarekin. Hala eta guztiz ere, handiak izan daitezke, Gestamp bezalaxe, edo erraldoiak, Estatu Batuetako Walmart erostetxe-katea bezalaxe. Walton familiak sortu zuen kate hori Arkansasen orain dela 50 urte inguru eta gaur dituzten enplegu- eta fakturazio-zifrak harrigarriak dira: 2,2 milioi langile eta fakturazioko 250.000 milioi dolar.

Besteak beste, BMW, Volkswagen, Samsung eta Arcelor Mittal ere familia-enpresa handiak dira. Baita Inditex, Mercadona edo El Corte Inglés ere Espainian; bertan, enpresen % 90 inguru familia-enpresak dira eta, batera, enplegu pribatuaren % 70 biltzen dute.

Horien tamaina gorabehera, familia-enpresek idiosinkrasia berezia partekatzen dute eta uste dut badakidala zertaz ari naizen, zuzenean ezagutzen baitut. Oro har, epe luzerako ikuspegia dute, konpainia hurrengo belaunaldiari igortzeko helburuarekin; enpresa horietan, esfortzuaren kultura goratzen da eta lotura estua ezartzen dute kokatuta dauden lurraldearekin eta bere langileekin. Enpresa horiek zenbait gabezi eta arazo dituzte, baina beste une batean hitz egingo dugu horri buruz.