Duela egun batzuk egin genuen Madrilen ekonomia eta gizarte arazoetarako batzorde autonomikoetako eta Espainiako EGABeko presidente eta idazkari nagusien urteroko topaketa. Euskal Autonomia Erkidegoko EGABen izenean Emilia Málaga, gure idazkari nagusia, eta ni neu, presidente gisa, joan ginen hitzordura. Bertan topatu genituen, jatorriko autonomia erkidegoen alfabeto-ordenan aipatzearren, Andaluzia, Aragoi, Asturias, Extremadura, Galizia, Gaztela eta Leon, Kanariak, Katalunia, Murtzia eta Valentziako EGABetako gure kargukide, presidente eta idazkari nagusiak.

Esan beharra daukat Erresumako EGABeko gure gonbidatzaileek topaketa oso atsegina antolatu zutela eta, batez ere, hainbat gauzari buruz hausnartzeko giroa sortzen jakin zutela: ekonomia eta gizarte arazoetarako batzordeen zereginei buruz, egiten dituzten ikerketei buruz eta etorkizunean lankidetzarako bide berriak areagotu eta irekitzeko aukerari buruz. Arakatzeko bide haien artean, norberaren ekimenezko txostenak egiteko bideragarritasuna ere proposatu zen, zenbait EGABen artean eginak.

Topaketak gure ikuspuntu ezberdinak elkarri azaltzeko aukera eman zigun, eta, era berean, elkarrizketa sozialaren garrantziaz eta egungo egoeraz hausnartu ahal izateko. Ez du inor harrituko adostasuna lortzeko elkarrizketa areagotu eta bere garrantzia nabarmentzearen alde aho batez egin izanak, hura baita EGAB guztien ezaugarri nagusia. Elkarrizketa eta adostasuna ekonomia eta gizarte arazoetarako batzorde guztietako jardunbide normalizatuak dira; beste arlo guztietan ere izango ahal dira!