Inork ez du zalantzan jartzen zein garrantzizkoa den lanbide heziketa enplegurako; hain da garrantzizkoa, tresnarik osotuena dugu zalantzarik gabe enplegurako politika aktiboen artean. Enplegurako lanbide heziketa beti izan da eta bada orain ere kezka iturri eta lehentasunezko arreta iturri EAEn. Gure autonomia erkidegoak, aspalditik, ahalegin handiak egin ditu inbertsioen aldetik eremu honetan, eta lanik gabeko pertsonen prestakuntza hobetzeko balio izan duten ekimen positiboak gauzatu ditu, baita lanik ez dutenena eta ekimenoi esker beren gaitasuna hobetu dutenena ere. Ekimen positiboak, Lanbidek eskainitakoak edo Hobetuzen abiarazitako sistemak eskainitakoak, non guztiek hartzen duten parte: enpresariek, sindikatuek eta euskal administrazio publikoak.

Gaiari buruzko gogoeta sakona egiteko aukera izan dugu, berriki, Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordean, Eusko Jaurlaritzaren Lan eta Gizarte Politiketako Sailak igorri zigun “Euskadin Enplegurako Lanbide Heziketa antolatzeko dekretu-proiektua” delakoaren harira. Agindutako irizpena egiteko, buru-belarri aritu zen EGABeko lan-batzordea eta, azkenean, Batzordearen osoko bilkurak gure lanaren gogoetak onartu zituen, une egokian jendaurrean azaldu genituenak. Dekretu haren xedea Enplegurako Lanbide Heziketa osotasunean antolatzea zen, baita Euskadin jarduera horrekin lorturiko jarduketa-multzoa sistema bakarrean txertatuko duen kudeaketa-eredu berria sortzea ere. EGABek gobernuaren dokumentua eztabaidatu eta baloratu zuen, eta proiektuaren alde positiboak eta akatsak nabarmendu zituen –halaxe egiten baitu beti-, aurretiaz Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeko eragileen artean erkatuta eta adostuta.

Enplegurako lanbide heziketa Euskadin etengabeko kezka izateari eutsi behar zaiola uste dutenetakoa naiz -eta oro har lanbide heziketarekin zerikusia duen orori eusteko ere-. Kezkarako eta lehentasunerako gaia dela uste dut, EAEren ADN industriala baitugu jokoan. Gure industrian txertaturiko lanbide heziketa behar dugu, industriarekin elkarrekintzan jardungo duena eta gure herriko enpresen eta beharren ekonomia errealaren zerbitzura izango dena. Ziur nago laster hitz egingo dugula berriz ere gai honetaz; ona da kezka iturri izaten jarraitzea.