Honako Jarduera Memoria honetan Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen 2016. urteko jarduerak islatzen dira. Iazkoa ezohiko ekitaldia izan zen, hein handi batean hauteskunde-urtea izanak baldintzatua. Hori dela eta, logikoa denez, legegintzako jarduera gutxiago izan dira, eta ondorioz, Batzordeak emandako irizpen-kopurua ere txikiagoa izan da. Hala ere, gure aholkularitza-lana murriztu izanak ez du inondik inora ere eragin EEGABk burutzen duen jarduera-agendaren aztergai-zerrenda gutxitzea. Izan ere, Batzordeak zenbait ekintza garatu ditu beste jarduketa-esparru batzuetan, honako agiri honetan jasotzen denez.

Bilketa honetan, eta laburpen gisa, gogorarazi nahi dut Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak ondoko lan hauek egin dituela: zazpi irizpen prestatu eta onetsi, eta beste horrenbeste Osoko Bilkura; zortzi Batzorde Iraunkor; Euskadiko Gizarte Garapenerako Batzordearen bost batzar; Ekonomia Batzordearen bilera bat; Memoria Sozioekonomikoaren Batzordearen hamar bilera; Europako Gaietarako Batzordearen hamazortzi batzar, eta Norberaren Ekimenezko “EAEko gazteen enplegagarritasuna eta lan-merkaturako sarbidea Europako eskualde-ikuspegitik begiratuta” izeneko azterlana egiten ari den batzordearen hamalau batzar.

Horri guztiari EEGABren Memoria Sozioekonomikoa prestatzeko ardura duen batzordearen etengabeko lana gehitu behar zaio. Memoria hori urtero argitaratzen da eta ikusmin handia sortzen du, datu sozioekonomiko nagusiak zorrozkiro eta zehatz-mehatz jasotzen, aztertzen eta kontrastatzen dituelako.

Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearentzat kontsulta gutxiago izaten diren aldiak eta legegintzan jarduera gutxiago izaten duten aldiak ondo aprobetxatzen diren abaguneak izaten dira, zeren epealdiok gure lan-esparruarekin loturik dauden gaiak sakonki jorratzeko parada eskaintzen baitigute, berbarako, arestion aipatu dugun norberaren ekimenezko azterlana, gai zeharo garrantzitsua lantzen ari dena: gazteen enplegua eta haien lan-merkaturako sarbidea EAEn. Asmo handiko proiektua da, testuinguru honetan egun dugun egoera jorratu eta islatu ondorik gure inguruneko Europako eskualde-errealitateekin erkatzen duena. Batzordeak sakonkiro, arretaz eta dedikazio osoz heldu dio lan horri, 2016. urtean zehar egin dituen hamalau lan-bilerek erakusten digutenez. Zalantzarik gabe, hilabete gutxi barru prest egongo den norberaren ekimenezko azterlan honek EAEko gazteen lan-merkaturako sarbidea hobetzeko ondorio baliotsuak ateratzea ahalbidetuko digu.

Lankidetzaren esparrua eta Europako eskualde-gaiekin loturik dagoen jarduera da Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordean geroz eta indar eta ardaztasun handiagoa hartuz doan arloa. Izan ere, 2016. urtean Atlantikoko Nazioz gaindiko Sarearen, hots, ekonomia- eta gizarte-eragileak biltzen dituen sarearen lehendakariordetza izan du.

Europako Gaien Batzordeak hamazortzi lansaio egin ditu; lansaio horietan hala Akitania-Euskadi Euroerregioaren arloan Nouvelle Aquitaine-ko CESERekiko bi aldeko lankidetza-lanak nola erregio atlantikoetako gure bazkideekin Estrategia Europar Atlantikoa berrikusteko prozesuan proposamenen eta aholkuen txostena egin dira. Helburu horrekin Batzordeak estrategia horrek Euskadiko ekonomia urdineko sektore guztietan duen eragina aztertu du eta aukera emango dio sektoreko agenteen ardurak eta beharrizanak batasunaren egoitzan aurkezteko.
Laburbilduz

Ezohikoa izan arren, 2016koa jarduera biziko ekitaldia izan da; horrezaz gainera, urte bereziki hunkigarria izan da Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearentzat. Emozio goibelek astindu dute erakunde honen kide guztion gogoa, bi batzordeburu handi joan zaizkigu-eta: Rafael Puntonet eta Javier Mongelos. Lehenak joan den uztailaren azken egunetan utzi gintuen; lau hilabete eskas geroago hil zen bigarrena, azaroaren lehenengo egunetan. Javier Mongelos 1995etik 2000era izan zen batzordeburu; Rafael Puntonet sartu zen haren ostean, eta 2000tik 2005era kargu horretan. Bien artean hamarkada oparoa eratu zuten, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen oinarriak eta egitura tinko sendotuz. Haien lan oparoaren emaitza dira erakunde honek jadetsi dituen doitasuna eta ospea, eta bai haren jarduketa-esparruaren hedapen eta zabalkuntza ere. Bi batzordeburuon lan naro eta positiborik gabe, EEGABren jarduerak –2016ko Memoria honetan jasotzen diren jarduerak bezalakoak– ezin izango ziren gauzatu. Gure esker ona adierazi nahi diegu lerro hauen bidez.

Francisco José Huidobro
Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Presidentea