Joan zen otsailean Euskadin izan genuen Akitania Berriko eskualde frantsesean gure Batzordearen baliokidea den erakundeko delegazio bat, hain zuzen ere Akitania, Limousin eta Poitu Charentes-ko Batzorde Ekonomiko, Sozial eta Ingurumeneko delegazioa; erakunde horrekin aldebiko lankidetza luzea mantentzen dugu. Gonbidapen horretan zenbait bisita egiteko aukera eskaini zitzaien hain zuzen ere berrikuntza, teknologiaren transferentzia eta fabrikazio aurreratua arloetan nabarmentzen diren euskal zentroetara; azken arlo horrek Batzorde biok lankidetzan garatzen ari garen lana biltzen du. Aldebiko lankidetza testuinguru horretan, aurreko astean Bordelera joateko aukera izan genuen, eta hala, eskualde bietako zentro teknologikoetara eta fabrikazio aurreratuko punta-puntako enpresetara egindako bisita-zikloari amaiera eman genion.

Lectra enpresan egon ginen, eta enpresa hori mundu mailako liderra da integratutako irtenbide teknologikoetan (software-a, mozketa automatikoko ekipamenduak eta horiei loturiko zerbitzuak). Hala, ehun teknikoekin, larruekin eta composite materialekin produktuak fabrikatzen dituzten industrientzat lan egiten dute. Lectrak eskaintzen dituen irtenbideak bereziki erabilgarriak dira automobilgintza sektorearentzat, ibilgailuen eserlekuen txantiloiak egiteko erabiltzen baitira. Alokatu egiten dute aplikazioa -ez dute softwarea saltzen- eta diru-sarrera horiekin beraien I+G+b-ren finantzazioa mantentzen dute. Horrez gain, Cea Tech ere bisitatu genuen, informazio eta komunikazioaren, energiaren eta osasunaren alorretan teknologia aukera anitza eta osatua ezarri duen zentroa hain zuzen ere. Cea Techek zenbait egoitza ditu Frantzian, guk Pessac-en jarraitu genuen ikerketa-poloaren ildoari jarraiki. Bukatzeko, Aderak eskaintzen dituen zerbitzuak ezagutzeko aukera izan genuen; Adera eragile dinamizatzailea da eta Akitania Berriko eskualdean berrikuntzan lan egiten duten enpresen kide eta aliatu bezala esku hartzen du. In situ egindako bisita horiek Batzorde biok batera gauzatzen ari garen lana irudikatu eta osatzen dute, eta espero dugu lan hori hurrengo udazkenerako bukatuta egotea.