Joan den astelehenean Madrilen egon ginen Espainiako EGABk antolatutako jardunaldian. Lanaren etorkizunari buruzko azterlana aurkeztea zuten helburu. Txostena Erreinuko EGABren Lan Harreman, Enplegu eta Gizarte Segurtasun Batzordeak egin du eta oso interesgarria da, ikuspegi orokorretik eta europarretik antzematen diren erronkak lantzen baititu. Askotan proposamenak eta erantzunak eskaintzen dira. Datorkigun etorkizunak ekonomia- eta lan-ereduak eraldatuko ditu. Dena delakoa, etorkizun hori jada kasu askotan oraina da. Iraultza digitala, robotizazioa, bete-betean eragiten ari dira, ez bakarrik ekoizpenean, baita lana antolatzeko moduan ere eta horrek guztiak eredu berriak ekarriko ditu. Jakitun gara gaur egungo enpleguak eta lanpostuak aldatuko direla eta ordezkatzeko berriak azalduko direla (sektore sortu berriak, ekonomia berdea, pertsonen arreta…).

Jardunaldiari berriz eutsiko diot. Magdalena Valerio Lan, Migrazio eta Gizarte Segurantzako ministroak inauguratu zuen. Azterlana aurkeztu ondoren, mahai-inguru interesgarria izan zen eta hurrengoek parte hartu zuten: CEOEko presidenteak, Antonio Garamendik; baita UGT eta CCOOko idazkari nagusiek, Pepe Álvarezek eta Unai Sordok ere. Gidari-lanetan OIT bulegoko zuzendaria Espainian, Joaquín Nieto, aritu zen. Guztiek, gobernuak, patronalak eta sindikatuek, lanean aldaketei arrakastaz aurre egiteko gizarte-elkarrizketaren eta etengabeko prestakuntza iraunkorraren garrantzia berretsi eta defendatu zuten. Nik erantsiko nuke, zorionez, aldaketa askoren norabidea eta zentzua aurrez jakin daitekeela. Eta ikuspegi optimista horretatik abiatuta, Marcos Peña Espainiako EGABko lehendakariaren hitzak baieztatzen ditut, hau da, “etorkizuna ez dago idatzia”. Gure mende dago. Orainaren esku ageri da. Etorkizunak aurrerapena eta onura ekarriko digu, betiere egungo prestaketa-lanekin asmatzen badugu eta Madrilen aurkeztutako txostena abiapuntu aproposa da.