Europa soziala Europan sortu zen, eta egun dauden bat ez etortzeak nahiz desorekak gainditzeko modu bakarra Kontinente Zaharraren “gizarte-dimentsioa” berreskuratzea da. Georges Dassis-en hitzetan: “erronka nagusia herritarrengandik gero eta gertuago dagoen Europa lortzea da”.

Georges Dassis Europako Ekonomia eta Gizarte Komitearen presidentea da. Eskarmentu handiko sindikalista greziarra da. Ibilbide demokratiko luzea egin du dagoeneko, eta aurreko mendeko hirurogeita hamarreko hamarkadan bere herrialdea astindu zuen Koronelen Diktaduraren aurkari gisa hasi zen. Europako EEGLko burua da 2015. urtetik, eta joan den astelehenean Valladolidera joan zen, elkarrizketa sozialaren gaineko jardunaldi batean parte hartzeko xedez, Gaztela eta Leongo Ekonomia eta Gizarte Kontseiluak antolatutakoa. Hain zuzen ere, Dassis-ek saioa ireki zuen Europar Batasunaren erronkei heldu zien aurkezpen batekin. Hasierako esku-hartze horren ostean, programatutako bi mahai-inguruetako lehenengoa hasi zen; Europa, Espainia nahiz eskualdeko testuinguruan dagoen elkarrizketa sozialaren gaia jorratu zuena. Dassis-ekin batera, honako hauek hartu zuten parte: Espainiako Ekonomia eta Gizarte Kontseiluko presidenteak, Marcos Peña, eta Gaztela eta Leongo Ekonomia eta Gizarte Kontseilukoak, Germán Barrios. Debatean, Dassis-ek argudiatu zuen elkarrizketa soziala Europako akordio garrantzitsuen oinarri dela, ondoren zuzentarau, gomendio eta protokolo gisa mamitu direnak. Adibide bezala gurasotasun-baimenari dagokionez 1995. urtean lortutako adostasuna aipatu zuen, erkidegoko zuzentaraua sortu baitzuen (96/34 Zuzentaraua). ”Elkarrizketa soziala aurrerapen soziala da” ondorioztatu zuen Dassis-ek. Marcos Peñak, berriz, Europak irudikatzen duen singularitatea gogorarazi zuen; izan ere, gizarte-estaldurako munduko espaziorik handiena da, eta iragarri zuen identitate hori hausteak Europako amaiera ekarriko lukeela. Hausnarketa sakonak izan ziren, eta planteamendu demagogiko eta populistek Europako proiektua barrutik zalantzan jartzen duten unean heldu dira. Benetan ohartu al gara horretaz?