Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak argitaratutako azkeneko memoria sozioekonomikoan deigarriak diren zenbait datu daude, eta horien inguruko hausnarketa egin dugu. Osasungarriak ez diren bizi-ohiturekin loturiko datuak dira hain zuzen ere; zehazki, tabako eta alkohol kontsumoari eta obesitateari buruzkoak. Azken horretatik hasiko naiz. Eskuragarri ditugun datuak orain dela lau urtekoak dira (Osasunaren Europako Inkesta Espainian, 2014an): 18 urtetik gorako EAEko biztanleriaren % 13ak obesitate arazoak ditu. Portzentaje hori % 46ra arte igotzen da gehiegizko pisua duten biztanleak gehitzen baditugu. Tasa Espainiako batez bestekoaren azpitik dagoen arren, joera goranzkoa da (2001ean baino portzentajezko lau puntu gehiago). Ez dago gogoratu beharrik obesitatea arrisku handiko faktore bat dela hainbat gaixotasun kroniko eta larrietarako.

Inkesta horrek, bestalde, jokaera ezberdina erregistratzen du emakume eta gizonezkoen artean tabakoaren kontsumoari dagokionez Euskadin. Emakumeek gizonek baino gutxiago erretzen dute egunean eta emakumeen tabako kontsumoa Espainiako emakumeen batez besteko kontsumoa baino baxuagoa da. Gizon euskaldunek, aldiz, gizonezkoen nazio mailako batez besteko portzentajea gainditzen dute. 2014an, 15 urtetik gorako Euskadiko biztanleriaren ia % 23ak erretzen zuen egunero.

Alkohol kontsumoari dagokionez, datuak ere kezkagarriak dira. Euskadik, autonomien artean, bigarren alkohol kontsumo tasarik altuena dauka eta, honako honetan ere, gizonezkoen kontsumoa altuagoa da. Hala ere, beste autonomia erkidego batzuekin alderatuta, emakume euskaldunen alkohol kontsumo altua nabarmentzen da, izan ere, emakume euskaldunak lehenengoak dira autonomien arteko rankingean. 15 urtetik gorako EAEko biztanleriaren % 76ak baino gehiagok alkohola kontsumitu zuen 2014an –eskuragarri dugun estatistikaren urtea– eta Euskadi 9,3 puntutan gailentzen da Espainiako batez bestekotik. Datu tristeak dira eta EGABek abisua eman nahi izan du eta datu horiek hausnartu beharko liratekeela uste du.