‘SEA Arabako Enpresariak’ erakundeak gaur egingo du bere Batzar Nagusia. Erakunde honek mila enpresa baino gehiago ditu kide, eta haren ordezkaritzak lurraldeko enpresa-sarearen arlo guztiak biltzen ditu. Ohikoa denez, gaurko deialdia ez da soilik batzar nagusi arrunt baten berezko egintzetara mugatzen, horiez gain hizlari interesgarriak ere izango baitira ekitaldi horretan.

Oraingo batzar nagusi honetarako aukeratu den gaiak erruz jasotzen ditu batzarkide guztien interesak eta ardurak, zeren eta datorren ekitaldiak ekarriko diguna jorratuko baitu. “2018rako ekonomia eta enpresa arloko aukerak” izenburupean, lau hizlarik beren ikuspegiak eta ordezkatzen dituzten Arabako enpresa garrantzitsuenen ikuspegiak azalduko dizkigute. Ondoko hauek dira hizlariok: Michelinen zuzendaria den María Paz Robina, Mercedes Benzen zuzendaria den Emilio Titos, Aernnovaren Erakundeekiko Harremanetarako zuzendaria den Javier Fernández de Retana eta Mercadonaren Erakundeekiko Harremanetarako zuzendaria den Patricia Cortizas. Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburua den Arantza Tapiak itxiko du ekitaldia, hitzaldiak amaitu ostean.

Nire aburuz, enpresa-elkarte baten helburuak –erakunde sindikal baten helburuak bezalaxe– ez dira elkartekideen uneko interes hutsak babestera mugatu behar, interes horiek defendatu beharrekoak badira ere, zalantzarik gabe. Helburuok goragoko asmoa izan behar dutela uste dut, gizarte osoa bilduz; horrenbestez, ‘SEA Arabako Enpresariak’ erakundearen xede nagusia Araban enplegua eta aberastasuna eta gizartean ongizatea sortzea da, inolako zalantzarik gabe. 2018ko ekonomia eta enpresa alorreko etorkizuneko aukerek xede hori erdiesten lagunduko al digute.