Izenburu hori eman diot Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen Memoria Sozioekonomikorako prestatu dudan sarrerari. Asteon bertan aurkeztu diegu Lehendakariari, Eusko Legebiltzarraren lehendakariari eta iritzi publikoari. 2016ko Memoria Sozioekonomikoak hainbat datu sozioekonomiko biltzen ditu, jatorrizko iturrietatik datorren informazioa kontrastatzen du eta EEGABn Memoria hau egiteko ardura duten batzordekideen eztabaidapeko iritzi adostu guztiak aberasten ditu.

Memoriaren sarreran idatzi nuenez, 2016. urtean bi inplosio gertatu ziren batik bat, Ozeano Atlantikoaren bi aldeetan; inplosiook ziurgabetasun eta zalantza aski handia eragin zuten munduko herrialderik gehienetan, ez baitzen halakorik espero. Argi dagoenez, bi gai hauek ditut berbabide: lehena, ekainekoa, Erresuma Batuak erreferendum bidez Europar Batasunetik ateratzea erabaki zuenekoa, eta bigarrena, azarokoa, Estatu Batuetako legegintzako eta presidentetzarako hauteskundeei dagokiona. Ez Brexita ez Trump ez ziren nazioarteko aurreikuspenen agendaren goiko aldean agertzen, baina biek atzeman zuten agendaren leku hori, eta izu-ikaraz gainera. Petrolioa esportatzen duten nazioek ere euren ekoizpena murrizteko erabakia hartu zuten, eta horrek, noski, areagotu egin zuen urte amaieran ziurgabetasun-giro hori.

Zalantzaz beteriko urteari dagokion testuinguru horretan, euskal ekonomia hazi egin zen jarduera ekonomikoen eta enpleguaren arloan; izan ere, 2016. urtekoa ekitaldi positiboa izan zela esan dezakegu. EAEren emaitza ekonomikoak aurreko urtekoak baino hobeak izan ziren, ekonomiak bi dezima gora egin baitzuen; are, enplegua ere sortu zen eta langabeziak behera egin zuen, arazo horrek egonkortzera jotzen baitu. 2016ko Memoria Sozioekonomikoak zehatz-mehatz jasotzen ditu adierazkari horiek guztiak eta beste batzuk; aldi berean, aholkularitza-batzordea denez, garrantzizkotzat jotzen ditugun hobekuntzarako arloak ere adierazten ditu. Horrenbestez, Gure Memoria Sozioekonomikoa kontsultatzera gonbidatzen zaituztet, atseginez.