Atzo Bilbon egin zen Novia Salcedo sari banaketan izan nintzen. Ekitaldi horretan, Euskadiko hainbat gizarte- eta ekonomia-erakundetako agintari eta ordezkariak egon ziren; besteak beste, Felipe VI. erregea, Urkullu lehendakaria, Eusko Jaurlaritzako presidentea, Lan ministroa edo hiriko alkatea. Gazteen laneratzea bezalako erabat lehentasunezkoa den gai batek hainbeste pertsona garrantzitsu biltzea positiboa da; hori dela eta, inplizituki, garrantzia berezia aitortzen diote xede duten gaiari.

Edonola ere, arreta horren merezimendua Novia Salcedo Fundazioarena da. Erakunde horrek laguntza-lan arrakastatsua eskaintzen die gazteei beren laneratzeko bidean. Horretarako, lan merkatuan kokatzeko aukerak hobetzera bideraturiko prestakuntza jasotzera eta gaitasunak eskuratzera bideraturiko programa eta ekimen berritzaileak baliatzen ditu.

Gazteen laneratzea lehentasunezko gaia izan beharko litzateke. Beti. Horrela defendatzen du Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak, pasa den martxoan gure lurraldean esparru horretan aurrerapausoak emateko xedea duen lan-dokumentu sendo bat aurkeztu zuenak. “EAEko gazteriaren enplegagarritasuna eta lan-merkatuan sartzea Europako eskualdeko ikuspegi konparatzailetik” ekimen propioaren gure azterlanari buruz ari naiz. Europako beste eskualde batzuekin egindako analisi konparatiboa eta enpresek, sindikatuek, unibertsitateek, ikastetxeek, ikasleek eta abarrek osatu zituzten eztabaida-taldeek aurkezturiko ikuspegi ñabartuak barne hartzen dituen azterlan xehatua. Hausnarketarako eta ekintzarako dokumentu bat, beste behin, irakurtzea gomendatzen dudana.