Funchalera, Madeirako hiriburura, joan gara eta gaur arratsaldean CRPM (Europako Eskualde Periferiko eta Itsastarren Konferentzia) erakundearen 46. Batzar Nagusia inauguratuko da. Hemen 160 europar eskualdeetatik gorako ordezkariak daude eta 200 milioi pertsona bizi gara bertan. CRPM batzorde geografikoen inguruan egituratzen da. Guztira zazpi ditugu eta gu Arku Atlantikoaren kideak gara. Europako garapen orekatuagoa sustatzea du helburu, Batasunean ekonomia, gizarte eta lurralde kohesioa sendotzeko.

Jada aipatu den bezala, inaugurazio ofiziala gaur arratsaldean izango da. Lan saioak, berriz, atzo hasi ziren. Ordezkaritza nazional desberdinek eta nazioarteko batzorde geografikoek paraleloan bilerak eta tailerrak egin zituzten. Gaur Portugalgo lehendakaria, Marcelo Rebelo de Sousa, 46. Batzar Nagusiaren inaugurazioan buru izango da eta Europaren etorkizunari buruzko lehenengo saioak irekiko ditu. Etorkizuna zalantzez beteta dago eta bertan bilduta gauden guztiei kezkatzen digu.

Izatez, etorkizun oro ez-jakina dela badakit, baina horizontean hodei beltzak, besteak beste, Brexita ditugu eta, itxuraz, ekaitza ekarriko dute. Beraz, aurre egiteko prest egon behar dugu. Erresuma Batua irteten denean, Batasunean aurrekontua nabarmenki murriztuko da. Jada aurkeztu dira finantza lehentasun berriak, baina kohesio politiketarako funtsekin lehian jardungo dute. Egiaz, Europako Eskualde Periferiko eta Itsastarren Batzordeak defendatzen duen ekonomia, gizarte eta lurralde kohesioa hurrengo erkidegoaren aurrekontuak orekatzeko europar erakundeen negoziaketetan arriskuan dago. Egoera horren aurrean, CRPM Funchaletik mezu bateratua zabaltzen saiatuko da egun hauetan. Ikusiko dugu lortzen al den. Bien bitartean, gure eskualdea hainbat arlotan (hala nola, itsas politika integratua, irisgarritasuna eta garraioa, migrazio krisia edo klimaren aldaketa) nahasi eta bertan eragiten duten lan saioak hurbiletik jarraitzen saiatuko gara.