Atzo Eusko Legebiltzarrera joan ginen bere lehendakariari, Bakartxo Tejeriari, 2016. urteko Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen Jarduera Txostena entregatzeko. Zitan nirekin batera egon ziren Emilia Malaga EGABren zuzendari nagusia eta Maribel Ballesteros, Aitor Otaola eta Iñigo Bilbao Batzorde Iraunkorraren kideak, sindikatu, enpresa, eta nekazaritza erakundeetako ordezkariak, hurrenez hurren.

Kortesia topaketa honetan lehendakariari erakundeak urtean zehar egindako jarduera nagusiak zehaztu genizkion. Nolanahi ere, ohiz kanpoko ekitaldia izan zen, bai EGABrentzat, baita Legebiltzarrarentzat berarentzat ere, irailaren 25ean hauteskundeak egon baitziren eta, ondorioz, legegintza jarduera murriztu baitzen. Gure kasuan, kontsulta jarduera gutxiago izan genuen eta, ildo horri eutsiz, 2016. urtean zazpi irizpen egin genituen. Dena den, Batzordearen zereginak ez ziren inolaz ere jaitsi. Hala, Eusko Legebiltzarreko lehendakariari Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen beste lan eremu batzuk adierazi genizkion, agian, ez hain ezagunak: adibidez, ekimen propioko azterlanak, besteak beste, Euskadiko gazteak lan merkatuan sartzeari buruz joan den urtean garatu genuen lan interesgarria eta hemendik gutxira biribilduko duguna. Europar eskualdeekin alderatzera bideratuta dago. Halaber, Bakartxo Tejeriari nazioarteko europar lankidetzaren eremuan gure jarduera eta etorkizunerako planak azaldu genizkion. Aurrekoaren harira, erronka berriak zehaztu ditugu Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordea joan den hilabetetik Sare Transnazional Atlantikoaren (STA) buru den honetan.

Topaketa ez zen gure jarduerak azaltzera mugatu, entregatutako txostenean baitaude. Modu berean, lehendakariarekin legealdi honek, hamaikagarrenak, irekitzen dituen aukerak partekatu genituen. Ildo horretatik, gobernuak jada legealdirako programa iragarri du. Aurreko astelehenean, otsailaren 27an, egin zuen “XI. legealdirako legegintza programa” onartu zuenean. Izan ere, hurrengo urteetarako lan agiria da eta egutegiak guztira 28 lege proiektu aurrez ikusten ditu. Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen lana, Legebiltzarrak izapidetu baino lehen, kontsulta irizpenak burutzea izango da. Zerrenda Eusko Jaurlaritzaren web atarian argitaratuta dago.