Joan zen ostiralean, Ekonomia eta Gizarte Arazoetako Batzordeko Bilboko egoitzan egon ziren Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Saileko Ekonomia eta Planifikazio Zuzendaritzako bi ordezkari, EGEF 2014-2020 Programa Eragileari eta Estrategia Atlantikoari buruz hitz egitera etorri zirenak hain zuzen ere. Eskualdeko politikako burua den José A. Varela eta EBko Politika eta Finantzazio teknikaria den Aitor Romero izan ziren bertaratu zirenak, eta berriz ere egin zuten ekarpena eskertu nahiko nieke.

Ordezkari biek egin zuten aurkezpenean nagusiki jorratu zituzten gaiak honakoak izan ziren: Batasuneko finantza-esparrua, Egitura- eta Inbertsio- Funtsak eta funts horien banaketa EAEn.

Dakizuen bezala, EGEF erkidegoko finantza-tresna da, Europako eskualde behartsuenak garatzera zuzenduta dagoena, alegia. Historikoki, itzuli beharrik gabeko diru-laguntzak banatu ditu arlo oso anitzetan (energia, garraioa, ingurumena, IKTak, I+G+b, nekazaritza, arrantza, turismoa…), Batasuneko kohesio sozial eta ekonomikoari laguntzeko eta eskualdeen arteko desorekak zuzentzeko. Logikoa den bezala, denborarekin lehentasunak aldatu egin dira, eta aldaketa horiek aldi bakoitzerako ezartzen diren gaikako helburuetan islatzen dira. Kasu honetan, Euskadiko EGEF 2014-2020 Programa Eragileak hauek jasotzen ditu: I+G+b sustatzea; IKTen erabilera eta kalitatea hobetzea; ETE-en lehiakortasuna hobetzea; karbonoan baxua den ekonomia sustatzea; klima-aldaketara egokitzea eta ingurumena kontserbatu eta babestea.

Ostiraleko agerraldian jaso nituen zenbait zifra kopiatuko ditut ondoren, Europako laguntza hauen testuinguruan gure egoera ulertzeko nahikoa esanguratsuak iruditzen zaizkidalako. Hala, adibidez, 2014-2020rako erkidegoko aurrekontua 1.082.555 milioi eurokoa da – EBko nazio-errenta gordinaren % 1-. Kopuru horretatik, Espainiari emandako Egitura- eta Inbertsio- Funtsak 38.000 milioi euro baino zertxobait gehiago dira. 1986 eta 2013 artean, Euskadiri zuzendutako Europako eskualdeko laguntza 3.611 milioi eurokoa izan zen, eta kopuru horri egungo 2014-2020 programazio-aldiari dagozkion 588 milioi euroak gehitu behar zaizkio. Horrek esan nahi du, gure autonomia erkidegoak lehen hogei urteetan (1986-2006) jaso zuen laguntzaren urteko batez bestekoa 151 milioi eurokoa izan zela, eta ordutik aurrera, urteko batez besteko ekarpena ia erdiraino gutxitu da -83 milioi-. Hala, Batasunaren testuinguruan, EAEko egoera hobetu egin da.