Oro har, azken urteotan hobera doa Euskal Herriaren egoera sozial eta ekonomikoa, nahiz eta krisi ekonomikoaren aurreko maila berreskuratzetik oraindik ere urruti gauden. Alderdi sozio-ekonomikorik gehienak hobetu dira, baina geldiro-geldiro. Ondorio hori ateratzen da Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak urtero argitaratzen dituen azken Memoria Sozio-ekonomikoak irakurri ostean. Horietako azkena, 2017. urteari dagokiona, uztailaren 10ean argitaratu zen.
Memoria horretarako idatzi nuen aurkezpen-testuan 2017. urtea, oro har, euskal ekonomiarako ekitaldi positiboa izan zela adierazi nuen. Gora egin zuten jarduera ekonomikoak eta enpleguak, nahiz eta kontsumoa eta ekipo-ondasunen arloko inbertsioa hain sendo ibili ez. Halaber, EEGABren Memorian agertzen den defizit kezkagarrienetako bat ere azpimarratu nuen; izan ere, Espainiako eta Europako defizitaren batez bestekoa baino handiagoa da gure defizita. Energia-mendekotasunaz ari naiz. Hain zuzen ere, Brent petrolioaren igoerek alerta egoeran jartzen gaituzte etengabe, susperraldi ekonomikoa atzeratu baitezakete. Energiaren alorreko eredua aldatzearen aldeko apustua egin behar dugu, gurean eredu eragingarriagoa eta iraunkorragoa gauzatze aldera. Eta, aldi berean, aurrera egin behar dugu egungo dimentsio urria gainditzen duen eta lehia arloan hazten lagunduko digun ekoizpen-egitura eratzen; horrela, krisialdian galdu genuen aberastasuna eta enplegua berreskuratuko ditugu (ehun mila lanpostutik gora 2009-2013 laurtekoan, Autonomia Erkidegoan zegoen enplegu-tasaren guztirakoaren hamarrena). Hala eta guztiz ere, 2017. urtean hoberantz egin zuten lan-merkatuaren adierazkaririk gehienek, bai eta gure bizi-baldintzak islatzen dituzten adierazkariek ere, Europako herrialde nagusienen pare-pareko gizarte-babeserako sistema baitugu (nahiz eta oraindik ere krisialdiaren aurreko maila berreskuratu ez). Esparru honetan, eta bai gainerakoetan ere, EEGABren Memoria Sozio-ekonomikoak gogoeta eta ohar interesgarriak biltzen ditu. Heldu diren egunetan helduko diot horietako gogoeta zehatz bati.