Pobreziaren aurkako Nazioarteko Egunaren ospakizunarekin hasi dugu astea; data hori Nazio Batuak, lotan dauden kontzientziak freskatze aldera, urteko egutegian gorriz borobiltzen duen egun askoetako bat da. Aurten desiorik handiena eman dute aditzera: “Mota guztietako pobreziari amaiera ematea mundu osoan”.

Pobrezia gertakari zabala eta konplexua da eta, ikuspuntu murriztaile baten ondorioz, muturreko ikuspegiarekin nahasi ohi da; hain zuzen ere, txirotasunarekin zein oinarrizkoenak diren beharrizanen faltarekin parekatzen duen ikuspegiarekin. Hala eta guztiz ere, pobreziari buruz ari garenean ez dugu etxebizitza batean dagoen diru-sarreren eskasia kuantifikatzen, baizik eta hainbat alderdiei dagokienez (besteak beste, etxebizitza, lana, hezkuntza, elikadura, osasuna eta ongizatea eskuratzeko aukerak) etxebizitza horren egoera alderatua, aztertutako lurralde osoa aintzat hartuz. Gauzak horrela, itxuraz harrigarriak diren emaitzak lortu ditugu, esaterako Euskadiko pobrezia- eta bazterkeria-indizeak adierazten duena (Euskadiko biztanleen % 15,3), Europa iparraldeko herrialde garatuenen antzerakoa dena. Eta hala da, adierazle horiek ez baitaukate balio absoluturik; aitzitik, lurralde zehatz batera mugatzen dira, eta emaitza ezin da estrapolatu. Hori guztia aurreko argitalpen batean azaldu nuen.

Aipatutako herritarren % 15,3 Espainiako zein Europako batez bestekoekin erkatuta ehuneko baxu samarra bada ere, horrek esan nahi du Euskadin 340.000 pertsonek krisiaren ondorio larriak pairatzen dituztela oraindik. Une honetan, geure buruari galdetu behar diogu ea ekonomia-susperraldi mantso eta ahula desberdintasun-murrizketarekin batera datorren. Kontu horrek izugarri kezkatzen du Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordea; izan ere, Batzordeak behin baino gehiagotan aditzera eman duen bezala, zorigaiztoko ondorioak erator daitezke gizarte-kohesioari dagokionez.