Atzo, asteazkena, Bartzelonara joan nintzen, “kontsumo ohitura berriak, gizarte aldaketak eta teknologikoak” jardunaldian parte hartzera, Kataluniako eta Erresumako Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeek batera antolatu ostean. Eraldaketa sozioekonomiko garrantzitsuak aztertu eta eztabaidatzeko topaketa izan da, azkeneko urteetan Espainiako gizartean kontsumoaren eremuan isla izan baitute. Hori guztia zehazten zen deialdian.

Jardunaldia CTESCren (Consell de Treball, Econòmic i Social de Catalunya) egoitzan egin zen eta oso interesgarria izan zen. Hizlarien hausnarketak probetxuzkoak izan ziren eta gizarte ohitura berrietan oinarrituta, garai teknologiko eta poliedriko berriaren ertzak landu ziren. Ohitura berriak Espainiako EGABk egindako txostenean, joan den urtean argitaratutakoan, trebeziaz zehazten dira eta aurkezpenarekin ekin zitzaion Bartzelonako jardunaldiari. Nire ustez, lan honen interes eta bertute nagusia honakoa da: kontsumo ohitura berriak, krisi ekonomikoaren testuinguruan egituratuak, argi eta garbi islatzen dituela. Aurrekoaren harira, krisi ekonomikoa izan arren, eskaintza teknologikoa biderkatu da, geroz eta produktu sofistikatuagoak erabiliz. Smartphone izenekoek garapen ikusgarria izan dute eta hori adibide garbia da, gizarte sare digitalak gizarteratzeko modu berriaren isla diren bezala. Eta hemen zulo digital ditxosoarekin egiten dugu topa: jatorrizko nahiz etorkin digitalak eta errefuxiatu digitalak bereizten dituena. Azkenekoak ez dira informazioaren gizartean sartzen, ez direlako gai, beldurrarengatik edo aldaketen kontra baitaude. Espainian helduen bostenak ez du internet erabiltzen eta erabiltzen dutenen artean, hirutik batek estuki egiten du.

Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak hainbatetan ohartarazi du errealitate honi buruz. Euskadin informazio gizartea erreferentziazko herrialdeetatik (Europako iparraldeko herrialdeak) urrun dago. Are gehiago, 2015. urtean europar hedapen ratioaren azpian gelditu da. Izan ere, Europar Batasunean % 83 zen (Eurostat) eta EAEn % 81 (Eustat). Zorionez, aldea 2012az gero murriztuz joan da, beraz, ahaleginak bikoiztu behar ditugu informazioaren gizartea ahalik eta biztanle gehienei iritsarazteko.