Paristik itzuli berri gara, Nazioz Gaindiko Sare Atlantikoaren (NGSA) Batzorde Betearazlearen batzar bat egin ondorik. Bilera horretan, hots, funtsean Sarearen hurrengo osoko biltzarra, Orientazio Batzordea deritzona eta udazkenean egingo dena prestatze aldera deitu zen batzar horretan, gai interesgarri aski jorratu genituen. NGSAn batera egingo dugun hurrengo lana biltzar horretan erabakiko da eta, horri dagokionez, aurkeztu diren proposamenen artean zenbait gai hautatu ditugu asteon.

Horrezaz aparte, Consello Económico e Social de Galicia izeneko kontseilua unibertsitatearekin lankide jardunik Brexiten ondorioez prestatzen ari den lan bikaina nabarmenarazi eta hedaraztea erabaki genuen; izan ere, gai horrek garrantzi zeharo handia du, gai horri buruzko eztabaida publikoak behera egin arren eta egun hain bizia izan ez arren. Horrez gain, NGSAk Estrategia Atlantikoari buruz egin duen eta Europako Batzorderen Itsaso eta Arrantza arloko Gaietarako Zuzendaritza Nagusiari garai egokian helarazi genion txostenak dituen ondoreekiko jarraipena eta zaintza ere areagotu ditugu. Estrategia Atlantikoaren 2010-2020ko Ekintza Planaren berrikuspenean gure ekarpenak zein neurritan hartzen diren kontutan eta berrikuspen horretan sartzen ari diren jakin nahi dugu. Gure aburuz, gure ekarpenak ekarpen baliotsuak dira, zeharkako ikuspegitik egin ditugulako eta arlo honetan hainbat eragile sozioekonomikok eman dutelako beren iritzia.