Gure gizarte garaikidearen urritasun nagusi bat da epe luzera ikuspegirik ez izatea. Epe ertainera ere, esango nuke nik. Ikuspunturik eza, epe labur zorrotz eta lotsagabeari mendekotasuna. Honi buruz hausnarketa egin nuen duela egun gutxi batzuk Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeari buruzko jarduera-memoria aurkezteko testu laburra idatzi nuenean. Daniel Innerarity filosofoaren hitzak ekarri nituen gogora. Berak atsegin handiz hitzaldi bat eskaini zigun joan den uztailean, Bilbon jendaurreko ekitaldian urtero Batzordeak aurkezten duen memoria sozioekonomikoa azaldu genuenean. Innerarityk gobernamenduari buruz egin zuen berba eta arestian aipatzen nuena adierazi zuen. Nolanahi ere, egungo gizartea etorkizuneko gaiei aurre egiteko ez da gai, ikuspegia izatea eskatzen badute. Bere hausnarketak oroitu nituen eta horien inguruan gurearen antzeko kontsulta-organoaren zereginari balioa eman nahi izan nion. Hain zuzen, bere ekarpen nagusia arazoak ikuspegiz lantzean datza. Horrez gain, modu adostuan gauzatzen du, Euskadiko ekonomia- eta gizarte-eragileek zilegi ikuspegi desberdinak eztabaidatu ostean. Alderaketa egitean epe laburreko betaurrekoak ez erabiltzen saiatzen gara eta berehalako emaitzaren presioa baztertzen dugu.

Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordea gaiak ikuspegiz aztertzeko eztabaida-gunea da. Nolanahi ere, oso alderdi desberdinak eztabaidatzen dira, gure aginpideko ekonomia- eta gizarte-gaiak badituzte hizpide. Organo bizia, egun puri-purian dauden gaiei buruzko lanak eta ikerketak garatzen dituena. Laburbilduz, gure Autonomia Erkidegoan, baita kanpoan, Europan ere berezko ahotsa duen Batzordea. Euskadiko EGABren 2018ko jarduerei buruzko memorian egiazta dezazuen gonbita luzatzen dizuet, urtean zehar gure zereginak jasotzen dituen notario-akta baita.