Aste honetan hitzordu garrantzitsua daukagu Helsinkin. Gai anitzak jorratuko dituen agenda zabalarekin, Itsas Erregio Periferikoen Konferentziak garatzen dituen jarduera guztiak barne hartzen baititu. Konferentziak gaur hasi eta ostiralera arte Finlandiako hiriburuan antolatuko du bere berrogeita bosgarren Asanblada Orokorra. IEPK plataforma handia da, eta horren barne daude 160 Europako eskualde, Batasuneko 25 Estatutan integratuta daudenak. Bere dimentsioari buruzko ideia bat egin ahal izateko, gutxi gorabehera 200 milioi herritar ordezkatzen ditu. Zer nahi du IEPKak? Europako lurraldearen garapen orekatuagoa lortu nahi du. Zentzu horretan, Itsas Erregio Periferikoen Konferentziak bere burua definitzerakoan Europako eskualdeentzat lobby bat eta think tank (pentsamendu laborategia) bat dela esan ohi du. Dudarik gabe interes handiko talde bat da, baina horrez gain (niri bereziki azalpen hau gustatzen zait) “Europarentzat ideia-agentzia bat da”.

Europarentzat ideia-agentzia bat, zeinak parte hartzen duten eskualdeen interesak defendatzen dituen Europako baterako politikek lurraldean inpaktu handia izatea lortzeko. Izan ere, IEPKren barne-antolakuntzak berak irizpide geografiko zehatz bat jarraitzen du, eta hala, bere jarduera-organigrama Europako sei itsas eremu periferikotan banatuta dago (Arku Atlantikoa, Balkanak/Itsaso Beltza, Itsaso Baltikoa, Mediterraneo Itsasoa, Irlak eta Ipar itsasoa). Gure eremua, Arku Atlantikoarena, Andaluziatik Eskoziara arte luzatzen da, Portugal, Espainia, Frantzia, Irlanda eta Erresuma Batuko eskualde ezberdinekin, non Europako biztanleriaren %12 bizi den.

Europako eskualde horiek arazo globalei aurre egin behar die eta horretarako lurralde-mailako erantzunak eman behar dira modu orekatuan, kohesionatuan eta bateratuan. Helsinkin garraioari eta irisgarritasunari buruz hitz egingo dugu, alor horretan garapen geopolitikoak duen inpaktuari buruz, kohesio politikei buruz, integratutako itsas politikei buruz, klima aldaketari buruz, Europako proiektuaren etorkizunari buruz…Gai horiei buruz hitz egingo dugu behin eta berriz.