Europar arazoa da. Demografia egoera Europar Batasunean kezka orokortua da duela urte batzuetatik hona. Euskal Autonomia Erkidegoan are kezkagarriagoa da arazoa. Azkeneko udal erroldak (2018ko urtarrila) gure erkidegoaren demografi geldialdia berriz errepikatzen du laugarren urtez ondoz ondo eta saldo begetatiboa negatiboa da. EAEn jaio baino jende gehiago hiltzen da eta datuen arabera, joera ez da itxaropentsua: 2016. urtean jaiotza-tasak % 3,2 egin zuen behera, aurreko urtekoarekin erkatuz gero.

Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordea jada gaiari buruz ohartarazten hasia da. Gure azken txosten sozioekonomikoan egoera “oso kezkagarritzat jotzen genuen eta premiazko erantzuna eskatzen zuen”. EGABren iritziz, Euskal Autonomia Erkidego guztirako eredu orokorra behar da, eremu honetan politika publikoak modu zeharkakoagoan eta koordinatuagoa bideratzeko. Duela gutxi Jaurlaritzak eta euskal erakundeek familia eta haurtzaroarentzat itunak eta estrategiak planteatu dituzte eta aukera bat izan daitezke egungo demografia egoera alderantzika dezaketen neurriak hartzeko. Gogorarazi eta balioztatu behar dugu gure demografia oreka atzerriko biztanleei esker mantentzen dela. Beren ekonomia eta kultura ekarpena demografia bermea da, ez bakarrik hemen, baita Europa osoan ere. Izan ere, etorkinengatik Europar Batasunak nazioartean bere garrantzia manten dezake.

Ez dut atari hau amaitu nahi nahiko berria den fenomenoa azpimarratu gabe, hain zuzen ere, gure Autonomia Erkidegotik goi mailako titulazioak dituzten pertsonak irtetea. Joera honek jarraitzen badu eta biziagotzen bada, baldintza kualitatiboetan arazo larria izango dugu. Horregatik garaiz jardun behar dugu fenomeno honen arrazoiak aztertu eta euste neurriak hartzeko. Helburua giza kapitalaren galera geldiaraztea da.