Duela egun batzuk Euskadiko EGABeko Europako Gaietarako Batzordeak laneko bisita egin zuen Bilboko Portua ezagutzeko; bertan azpiegitura honen instalazioak eta zerbitzuak erakutsi zizkiguten Portuko Agintaritzaren kideen aparteko harrera jaso genuen. Etorkizuneko erronkei buruz eta Portuko Agintaritza Europako Atlantikoko Estrategiari lotuta, gure Batzordearentzat lehentasuneko interesekoa den arloa, lantzen ari den proiektuei buruz hitz egin genuen. Jakina den moduan Euskadiko EGABeko Europako Gaietarako Batzordeak Nazioz Gaindiko Sare Atlantikoko, RTA/ATN, izen bereko beste taldeekin lankidetzan egiten du lan tokian bertan Europar Batasuneko Atlantikoko estrategia garatzeko. Une hauetan txosten bateratua idazten ari gara, datorren urteko berrikuspen estrategikoaren prozesuan aztertuko diren aholkuekin eta proposamenekin.

Bilboko Portua funtsezko ardatza da Arku Atlantikorako. 2007. urtean aitzindaria izan zen itsasoko lehen autobidea sustatu zuenean: Ro-Ro linea bat Bilbo, Portsmouth eta Zeebrugge artean, aktibo egon zena 2015era arte. Ordukoa ekimen ausarta izan zen, portuko erkidegoko eragileek sustatu zutena eta Transfennica ontzi-konpainiak abian jarri zuena, laguntza publikorik gabe aurrera egin zuena eta ostean horrelako laguntzak izan zituzten beste ekimen batzuen aurretik gauzatu zena, adibidez Gijón-Nantes itsas-autobidea, Europako laguntzak iraun zuten bi urteetan baino iraun ez zuena.

Itsas-autobide bat bi porturen arteko ibilbide optimoa da, ibilbide horrek berak errepidean eginez gero alderatuta dituen bideragarritasun, errentagarritasun eta emateko epeen terminoetan, logistikari dagokionez kostu ekonomiko merkagoak izatearen emaitzako abantailekin eta, batez ere, ingurumeneko kutsadura era nabarmenean murriztuta. Bilboko Portuak zeregin garrantzitsua jokatuko du Europar Batasunak sustatzen dituen Atlantikoko ibilbide horien etorkizunean, distantzia murriztu eta emisio kutsatzaileak gutxitu ez ezik, egiaztatu delako errepideko garraioarekin alderatuta % 6,7aren eta % 18aren arteko aurrezkia eragiten dutela.