Joan den asteartean Extremadurako EGABeko lagunak hartu ditugu Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen egoitzan. Extremadurako EGABeko lehendakaria, María Mercedes Vaquera, eta idazkari nagusia, Luis Antonio Castañares, Bilbora etorri dira eta zehatz-mehatz azaldu digute zergatik aurkeztu berri duten Europako Ekonomia eta Gizarte Eragileen Nazioz Gaindiko Sareari atxikitzeko eskaera ofiziala. Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak gaur egun sare horretako lehendakariordetza dauka.

Extremadurako EGABek eskubide osoko bazkide gisa parte hartu nahi du Atlantiko aldeko eskualdez gaindiko erakunde horretan. Gaztela eta Leongo EGABek ere gauza bera eskatu du. Eragileen Nazioz Gaindiko Sarearen hurrengo osoko bilkuran aztertuko dira bi eskaerak, uda ostean, Parisen irailaren 21ean egingo den Orientazio Batzordearen barruan.

Ez Extremadura ez Gaztela eta Leon ez dira Atlantikoaren ertzeko autonomia erkidegoak, baina haien garapen ekonomikoa estu lotuta dago Europan zeharko ardatz horri. Bi erkidego horiek Garraiorako Igarobide Atlantikoan parte hartzen dute, eta euren lurraldean daukate Europako hego-mendebaldeko plataforma logistikoa, hau da, Igarobide Atlantikoa eta Atlantikoaren ertzeko Portugaleko portuak lotzen dituen gunea.

Atxikitzeko izapideak jada bideratuta daude, baina irailera arte ez zaio gaiari modu formalean helduko. Eragileen Nazioz Gaindiko Sarean daukagun lekutik eta Euskal Autonomia Erkidegoko EGAB garen aldetik, bazkide berri horiekin etorkizunean bat egitearen aldeko jarrera irmoa dugu, batzuek eta besteok Atlantiko aldeko garapena hobetu nahi dugulako. Ongietorria ematen diegu.