Lanbide Heziketa Dualean parte hartzen duten eta modalitate honetan ikasleak hartu dituzten enpresak esperientziarekiko adostasuna azaldu dute eta errepikatu egiten dute. Hamar enpresatik bederatzik errepikatu egiten dute eta joan den astean argitaratu diren datuen arabera gaur egun mila baino gehiago dira esperientzia honetan parte hartzen dutenak.

Halaber, joan den asteko ostegunean ikasturtearen irekiera-ekitaldia burutu zen euskal Unibertsitate Publikoan. Zeremonian egoteko aukera izan nuen eta bertan lehendakariak esan zuen beharrezkoa dela prestakuntza dual hori unibertsitatean ere sustatzea unibertsitateko gradudunen enplegugarritasuna hobetzearen ondoreetarako. Gogoan eduki behar dugu LH Dualaren kasuan laneratzearen portzentajea benetan dela nabarmena, gaur egun bost ikasletik lauk lortzen dutelako.

Egia esan, enpresen eta hezkuntza-sistemaren arteko loturak estutzeko jarduera eta jarduketa guztiak dira beharrekoak. Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak behin eta berriz adierazi du nahitaezkoa dela prestakuntzaren arloko eskaintzaren eta lan-merkatuaren arteko erlazio sistematikoa ezartzea eta, horretarako, derrigorrez eraiki behar dira bi noranzkoetan informazio-fluxu eten gabekoa eta azkarra bideratuko duten erlazio egonkorren sareak.

Bikaintasuna bilatzearen konpromisoa ez da berariaz eta bakarrik Unibertsitatearen erantzukizuna, gizarte osoarena baizik, eta horrelaxe adierazi zuen, argi eta garbi, EHU/UPVko errektorea den Nekane Balluerkak ikasturtearen hasiera horretan. Eta horrela da hezkuntza eta hezkuntza-sistema ona gizarte mailako gure hazkuntzaren oinarria direlako eta, azken finean, gure etorkizuneko ongizatearen funtsezko oinarria direlako.