2010eko uztailean Nazio Batuek adierazi zuten edateko ura eskuragarri izatea eta oinarrizko saneamendua ezinbesteko eskubidea direla gizakientzat. Urte horretako kalkuluen arabera, munduan zehar 900 milioi pertsonek ez zuten edateko ura lortzeko aukerarik, eta gehiagok ez zuten oinarrizko saneamendurik. Zifra hori apenas gutxitu da ordutik aurrera. Egoera onean dagoen ura eskuragarri izatea mundu-mailako arazo handienetarikoa da oraindik ere. Zenbait lurraldetan, hil ala biziko kontua da: lehorteek goseteak zehazten dituzte, heriotza-tasa gehitu egiten da kutsatutako ura kontsumitzearren…

Garatutako herrialdeetan beste batzuk dira urarekin lotutako arazoak. Gizakiok kontsumitu ahal izateko ura lortzea eta oinarrizko saneamendua aurreko mendean konpondu ziren arazoak dira. Europan, 2000. urtean onetsitako Uraren Esparru Zuzentarauaren helburua ondasun honen iraunkortasuna bermatzea da, eskaria etengabe hazten baitoa. Zuzentarauak ura era moderno batean kudeatzeko oinarrizko printzipioak zehazten ditu, eta hala, arro hidrografikoak babesten dira eta uraren ziklo orokorraren balioa nabarmentzen da.

2014an EINek egin zuen azken “Uraren Hornidura eta Tratamenduaren Inkestaren” arabera, EAEko uraren kontsumoa gutxitu egin zen aurreko urtearekin alderatuz. 184,8 Hm3 kontsumitu ziren (% 3,9ko beherakada 2013. urtearekin alderatuz) eta beherakada arlo guztietan gertatu zen, besteak beste Euskadiko etxeetan, industrian, zerbitzuetan, nekazaritzan, abeltzaintzan eta udaleko ureztatze eta urarekin gauzatutako garbiketa-kostuetan. Per capita kontsumoaren gutxitzea are handiagoa izan zen, 2013 eta 2014 artean % 5,7ko beherakada egon baitzen, eta hala, berriz ere Espainiako batez bestekoaren azpitik kokatu zen: 116 litro bizilagun eta egun bakoitzeko, eta batez bestekoa 132koa zen. Hala ere, eta Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetako Batzordeak garaiz ohartarazi zuen bezala, saneamendu-sareko isuriak, apurketak eta matxurak nabarmenki egin zuten gora eta % 8,9 izan ziren, 2013an galdutakoa baino ia bi puntu eta erdi gehiago. Kezkagarria den atzerakuntza da hori.