Gaur goizean Ekonomia eta Gizarte Arazoetako Batzordean egon da María Jesús San José, Eusko Jaurlaritzako Lan eta Justiziako sailburua, Jon Azkue, Lan sailburuordearekin batera. Sailaren eta Batzordearen arteko lehenengo hartu-emana izan da, eta bertan egon gara EGABeko idazkari nagusia, Emilia Málaga, eta ni neu, batzordeburua naizen heinean.

Bilera atsegina izan da, eta uste dudanez, alde bientzat interesgarria ere bai. Sailaren legegintzako programa ezagutu ahal izan dugu, eta beraiek interes handiz jaso dute gure jarduerei buruzko informazioa, bereziki gazteen enpleguari buruz ekimen propioz gauzatzen ari garen azterketari buruzkoa.

Lan eta Justizia Sailak legealdi honetan prestatuko dituen legezko ekimenen artean dago EAEko Kooperatiben Lege berri bat idaztea. 2015eko aurreko legearen aurreproiektua ez zen atera, azkenean ezin izan zelako izapidetu. Hala ere, EGABek aurreproiektu horri buruzko irizpena eman zuen. Bertan, zenbait iritzi azaldu ziren eta espero dugu horiek kontuan hartzea hurrengo saiakeran. Horri buruz ere iritzi bateratu bat emango dugu gure eskuetan egon bezain laster.

Horrez gain, oso pozgarria izan da egiaztatzea sailburuak eta sailburuordeak interesa dutela EGAB egiten ari den azterketa bati buruz, hain zuzen ere EAEko gazteen enpleguari eta gazteen lan merkaturako sarbideari buruzkoa. Lan horretan, xehetasunez aztertzen da errealitate hau eta gure inguruko europar eskualdeetan dagoen egoerarekin alderatzen du. Diagnostiko zehatza eta analisi konparatiboa, dudarik gabe Eusko Jaurlaritzarentzat oso erabilgarriak izango direnak.