“Iraila, eskolara berriz ere” marketineko lelo oso ezaguna da, gure buruan berehala hil hori eta ikasturtearen hasiera biltzea lortu duena. Jarduneko urteko bederatzigarren hilabetea izan arren erromatarren antzinako egutegian zazpigarrena zen; hortik datorkio gaztelaniaz esangura, latinezko septem errotik.

Dibagazio semantikoak eta kronologikoak albora utzita, iraila beti da aitzakia ezin hobea Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntzari buruzko hausnarketa puntuala planteatzeko. Arloko gure adierazleak, oro har, onak dira: lehenengo postuetan gaude autonomia erkidegoen artean -gasturik gehien daukagu ikasleko- eta, markagailu batzuetan Europako batez bestekoen gainetik ere bagaude. Dena dela, artean konpentsatu ezin ditugun eta balaztatzen gaituzten desoreka batzuk mantentzen ditugu.

Adibidez, hezkuntzako lehentasunek eragiten dituztenak; lehentasun horiek prestakuntzaren eskalako beheko eta goiko muturretan metatzen dira maila ertainen eta berezien kalterako. Hori egiaztatzeko nahiko da iazko ikasturtean apur bat jaitsi zen Goi Mailako LHko matrikulazioaren datuak ikustea. Halaber, ez dugu lortu hirugarren mailako ikasketen eskaintza eta eskaria eta lan-merkatuaren beharrizanak era eragingarrian koadratzea.

Oso argia den beste desoreka bat adar teknikoetan, hala prestakuntza-zikloetan nola unibertsitatean, dagoen emakumeen presentzia baxua da eta horregatik emakumeek abiatzeko kokaleku txarragoa dute euren karrera profesionala garatzerakoan. Eta goi mailako hezkuntzari dagokionez derrigorrez gogorarazi behar dugu Boloniak gure hezkuntza sistema nazioarteratu zuela eta, ondorioz, sistema honek kanpoko ikasle gehiago erakarri beharko lituzkeela eta, aldi berean, gure ikasleen mugikortasuna sustatu beharko lukeela. Inolako dudarik gabe, iraila hil ona da hezkuntza-orientazioan egiten diren ahaleginak beti biderkatu behar direla gogorarazteko.